BILDUMA HIZTEGIA

gender violence (en)

Alorra: INDARKERIA



Emakumeek emakume izateagatik jasan dezaketen edozein ekintza, kalte fisiko, sexual, psikologiko edo ekonomikoak eragin diezazkiekeena; ekintza horien artean, bizitza publikoan zein pribatuan gertatzen diren mehatxuak, bortxak, askatasun-gabetze arbitrarioak edo indarkeria bikarioa barne hartzen dira.
Emakumeen aurkako indarkeria fisikoa, sexuala edo psikologikoa izan daiteke: etxeko tratu txarrak; bikote barruko zein bikotez kanpoko bortxaketa edo sexu-eraso guztiak; sexu-jazarpena leku publikoetan, sare sozialetan eta bestelako eremu digitaletan, lantokian, hezkuntza-zentroetan edo zernahi tokitan; emakumeen gorputzen edo genitalen edozein ebakuntza, haien oniritzirik gabe egiten dena; ezkontza, antzutze eta amatasun behartuak; indarkeria obstetrikoa; emakumeen salerosketa eta prostituzio behartua; estatuak edo erakunde publikoek egin edo onartutako indarkeria instituzionala...
[1. OHARRA: Hasiera batean 1/2004 Lege Organikoak genero-indarkeria bikote baten edo bikote ohi baten harremanaren esparrura mugatzen bazuen ere, gaur egungo araudiak (bereziki, EAEko 1/2022 Legeak eta 10/2022 Lege Organikoak) bere egin ditu Istanbuleko Hitzarmenaren nazioarteko irizpideak. Ondorioz, lege-babesa zabaldu egin da, eta orain barne hartzen ditu lehen kanpoan geratzen ziren sexu-erasoak, lan-eremuko jazarpenak, mutilazio genitalak, ezkontza behartuak eta emakume izateagatik jasandako edozein indarkeria-mota.]
[2. OHARRA: Mugimendu feministak  adiera zabalagoan ulertzen du indarkeria matxista, gizonek pertsona hauen guztien kontra baliatzen duen indarkeria-motatzat jotzen baitu: gaur egun baliozkotzat jotzen den sexu/genero sistema binarioaren  arabera emakumetzat jotzen direnak, sistema hori apurtzen dutenak (intersexualak, transgeneroak, transexualak), heteronormatibitateak  ezarritako sexualitate-ereduari jarraitzen ez diotenak (lesbianak, gayak bisexualak…) eta haur eta gaztetxoak.]


Hiztegi-unitateak